1994. urtean hasi zen zirkuarekin harremanetan. Malabarren eta zirkuko hainbat diziplinen ikastaro erregular eta intentsiboetan trebatu zen, kiroleko gimnasian (tranpolina, zorua, mini-tramp-a, porteak…), oreketan, dantzan, antzerkian, clownean, besteak beste.
2004an Isaac Posac-ekin batera “Uno+uno” konpainia eta “Sin pies ni cabeza” ikuskizuna sortu zuen. Trebatzen jarraitu zuen, mintegietara joanez, “Carampa” zirku eskolara eta “La central del circ” espazioetara, besteak beste, bertan baskula akrobatikoa, malabarrak, esku-eskua eta clown-antzerkia diziplinatan trebatzeko. 2008an “La Troupe de la rue” ikuskizun ibiltarian hartu zuen parte. 2012. urtean, Valladolideko beste artista batzuekin, “La Luz de las Delicias” arte eszenikoen gunea ireki zuen. 2013an, “The Funes Troup” zirku konpainia eratu zuen, eta, besteak beste, “Funes van” (2014) eta “Aukerak” (2018) ikuskizunak sortu zituen.
Gaur egun, bere bi lanbide artistikoak uztartzen ditu: soinu, argiztapen eta ikus-entzunezko teknikari eta artista.
Sara Alvarezek gimnasia artistikoan eta kirol-gimnasian aritu zen haurtzaroan; ondoren, acrosport-arekin (porte akrobatikoak) eta zirkuko prestakuntza espezifikoarekin jarraitu zuen Gasteizen.
Geroago Buenos Airesera joan zen eta Criollo Zirku Eskolan, La Arena Eskolan… hainbat espezialitate ikasten aritu zen, trapezioa, akro porteak, bertikalak, hula hoop-ak, clown-a, antzerkia… Bertan “Cía. Circortito” izenekoa sortu zuen, bere artista lana Criollo Zirku Eskolako irakasle lanarekin uztartuz.
10 urtez Circortito konpainiako (Buenos Aires/Vitoria-Gasteiz, 2006-2016) kide izan eta konpainia horren “DesPistaDos”, “No hay 2 sin 3” eta “Lo bueno viene en frascos pequeños” ikuskizunetan aritu ondoren, 2017an, bakarkako “Sarini Zirko” proiektua sortu zuen, eta horren barruan “Txoriak txori! (Qué pájara)” ikuskizuna.
Gaur egun, artista lanarekin batera irakasle gisa ere aritzen da, zirkuko klaseak emanez zenbait arte eszeniko eta zirku espaziotan.
Orain-Bi (zirkua-antzerkia) Sara Alvarezek eta Rodrigo Lacasak osatzen dute. Partekatutako hainbat topaketa eta entrenamenduren ondoren, eta ibilbide profesional komunerako aukerak ikusiz, 2019an ekin zioten batera egin beharreko ibilbideari Bilbon. Une horretatik aurrera, zenbait ikuskizun txiki eta emanaldi labur egiten hasi ziren, konpainia sendotu duen oinarri sendoa osatuz. Hainbat diziplina akrobatikotan espezializatu dira, esku-eskuan eta pertxan, besteak beste.
Jendaurreko emanaldi eta erakustaldi txiki horien ondoren, ikuskizun desberdina, originala eta harrigarria sortzeko kezkak eta beharrak bultzatu ditu biak. Hori dela eta, 2022ko maiatzean “MUTE” estreinatu zuten Leioako “Umore Azokan”, eta bertan ikusleen harrera bikaina eta oso kritika onak jaso zituen. Horrela, “Euskadiko ikuskizun onenaren saria” irabazi zuten.
Une horretatik aurrera, birak egiten eta jendearen artean gozamena eta barrea sortzen hasi ziren, gehien gustatzen zaiena eginez: ZIRKUA!